XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konturatzen ote dira, izua eta ikara eragiten dituzten fanatiko hoiek, nolako kaltea egiten dioten herri honen askatasun bideari? Konturatzen ote dira, nolako indarra hartuko lukeen gure herriaren nahiak, indarkeria utzi eta dauzkagun instituzioetatik guztiok batera lan egingo bagenu?

1991. urteko Alderdi Egunean Jose Antonio Ardanza hiruko (EAJ, EA eta EE) gobernu abertzalearen apurketa azaltzeko beharrean egon zen. Indarkeriaren aurka lortutako balizko ahobaterakotasuna ez zen gai izan EAJ eta EAren arteko zauriak sendatzeko.

Urte honetan, gobernatzen hilabete batzuk eman ondoren, Eusko Alkartasunak Eusko Jaurlaritza utzi zuen eta bere lekuan PSE-PSOE sartu zen. Lehendakaria aldaketa hau bere militanteei azaltzen saiatu zen: Aurtengo Alderdi-Egun hau, adiskideok, aldaketa momentu batean etorri zaigu. Azken egun hauetan, Gobernualdi bati amaiera eman eta beste gobernualdi berri bat hasi behar izan dugu, eta giro politiko nahasi honek gure artean izan diren gertakizunak aipatzera behartzen nau.

Ez dira errezak izan azken egun hauetan hartu behar izan ditugun erabakiak. Batzuek kontrakoa esan duten arren, benetan diotsuet, gogoz kontra eta gertakizunek behartuta jokatu behar izan dugula. Ez zen gure asmoa Gasteizen hiru alderdi abertzalek osatzen genuen Gobernua apurtzea, baina ez dugu beste erremediorik izan.

Ardanzaren ustez EAren ordez Gobernuan PSOE sartzea ez zuen inolaz ere EAJren abertzaletasunean amore ematea suposatzen: Badakit itxaropen haundia sortu zuela jende askoregan hiru alderdi abertzalek osatutako gobernuak. Nik ere hasiera-hasieratik pentsatu nuen aukera egokia eskeintzen zigula hiruko gobernuak, ilusioa piztutzeko, konfidantza sorterazteko eta Herri honek dituen arazoei konponbideak bilatzerakoan indar berriak biltzeko.

Baina ez da posible izan. Batzuk nahiago izan dute, indarrak elkartu beharrean, hartuta zeuzkaten konpromisoak alde batera utzi, emandako hitza jan eta bazterrak nahasten ibiltzea. Eta jokabide horrek hondatu du gure esperantza! Gauza bat argi eta garbi esan beharra dago: ez dira ideologia kontuak izan Gobernua apurtu dutenak. Guk ez dugu inor ideologiari uko egitera behartu. Beste interes batzuk izan dira Gobernua apurtu dutenak! Eta guri, beste gauza askoren artean, abertzaletasunari uko egin diogula esan digute. Eta hori gezurra da.